XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hamarrenak behar bezala ematen segitzea eta abar.

Argi eta garbi ematen da aditzera testuan usadio eta tradizioarekiko atxikimendua.

Beste alde batetik, nabaria da baita ere jabetzak harentzat duen garrantzia.

Jakina, ez zuen jabetasuna ulertzen zentzu pribatuan edo perfektoan, iraultzaileek defenditu legez, gizamaila jakin bati berez dagozkion eskubideen halabeharrezko ondorio gisa baizik, berak duenaren tankerara, alegia.

Haren ikuspegian, hamarrenen sistema ezabatuta eta elizari eta aitonen semeei ondasunak kenduta, gizamaila batekoa izateagatik berak bezala jabetza dutenek ondasun horien eskubidea galduko lukete, jabetza agiri egokiak edukita ere.

Era berean, iraultza garaian martxan jarritako paperezko dirua merkataritzarako askatasuna auzitan jartzeko, inflazioa sortzeko eta iruzurra zabaltzeko bidea iruditzen zaio.

Azken funtsean, ekonomiari buruz ere oso ikuspegi tradizionala du: jabetza eta gizamaila bereizi ezineko uztarria dira.

Gipuzkoako agintarien jarrera aipatzen duenean, nabaria da herriaren leialtasuna goraipatzeko eta jokabide makurtzat jo litekeen guztia leuntzeko edo izkutatzeko egiten duen ahalegina.

Memoria idazten duenean traidore susmoa hartutakoak auziperatu eta epaitzen ari zirelarik, Gipuzkoaren Koroarekiko fidaltasunaren kontua gehiago ez haizetzeko eta gauzak beren hartan uztearen alde zeudenekin bat egiten du.

Halaxe, bada, frantziarren aurka gipuzkoarrek egindako ahalegina eta gerraren gastuari aurre egiteko eskuzabaltasuna goratzen ditu kontakizunean, Oiartzungo semeenak gailurrean jarrita.

Aldi berean, berriz, gorabehera militarrak aipatzen dituenean istilu eta iskanbila antza hartzen die, benetako gudarena baino gehiago.

Eta ez du gehiegi izkutatzen ez zutela etsaien lurraldean sartzeko eta hartutakoa defenditzeko borondaterik eta kapazitaterik batere.

Hari irakurrita, beraz, pentsa daiteke gipuzkoarren tertzioak mugaz haruntzago eramateari uko egin ziotenean kanpotarrekiko leuntasunez ez, baizik eta zuhurtziaz jokatu zutela bertako agintariek.

Orain arte aipatutako guztian, Sarastik argi eta garbi erakusten du pentsamolde ortodoxoa duela eta ez dela batere iraultzazalea.

Sentimendu hori oso egiatia gertatzen da gainera, duen logikagatik eta batere kontraesanik ez duelako.

Baina bada beste alderdi bat, aipamen labur eta ilun xamarrekin ukitzen duena eta garrantzia kendu nahi diona: Romero eta Aldamaren Diputazioak eta Getariako Batzar Nagusiak indar kanpotiarrekiko harremanetan jokatutako papera.